Naiara Goia: “Gobernantza eredu berriak esploratu nahi ditugu, herritarrak agenda publikoan modu esanguratsuan inplikatzeko”

2021-11-30

Lurraldeko eragile ezberdinek sustatua, Arantzazulab gizarte berrikuntza Laborategia, D2030eko gobernu batzordeko kide da. Naiara goia da bertako zuzendari nagusia.

Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategia etorkizunaz, herriaz eta euskal gizartearen erronken inguruan modu berritzailean hausnartzeko eta esperimentatzeko gunea izateko jarri zen abian, 2020ko udazkenean. Urtebeteren ostean, Lankidetzazko Gobernantzan Erreferentzia Zentro da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan.

Zein da urtebeteko ibilbidearen ostean egiten duzuen balorazioa?

Bada urtebete Arantzazulaben hasi ginenetik, nahiz eta aurkezpena martxoan egin genuen. Urte intentsua izan da, ederra, hasiera guztiek dituzten motibazio, erronka eta gauza desberdin horiekin guztiekin. Tarte honek eman digu aukera oinarri sendo bat jartzeko, programa bat egonkortzeko eta ekimen desberdinak aktibatzeko.

Nola uztartzen dira Arantzazu bera eta Arantzazulab?

Gure izaera eraikitzen da balio horietatik guztietatik. Arantzazuk sinbolizatzen ditu pertsonen ongizatea, elkarlana, herria, euskara eta kultura, berrikuntza… Horrek ematen dio balio erantsia egiten ari garen gizarte berrikuntza lanari.

Arantzazulabek bultzatu nahi duen gizarte berrikuntza printzipio eta balio zehatz batzuekin lotzen da: herrigintzarekin eta lankidetzazko gobernantzarekin, hain justu ere.

Azken urte honek eman digu aukera gure gizarte berrikuntzaren fokua zehazteko, eta hori lankidetzazko gobernantzarantz eta herrigintzarantz joan da. Lankidetzazko Gobernantzan Erreferentzia Zentro bezala kokatzen da Arantzazulab Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan. Horrek jartzen digu misio argi bat eta da, hain zuzen ere, lankidetzazko gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko gure herriko gunerik garrantzitsuena izatearena. 

Zergatik eta zertarako behar du Euskal herriak lankidetzazko gobernantza?

Lankidetzazko gobernantza da gobernuek edo erakunde publikoek gizarte zibilarekin harremantzeko moduan hausnartzeko eta elkarrekin lankidetzan aritzeko eredu berri bat eta Arantzazulabek, administrazio publikoaren eta gizarte antolatuaren artean gobernantza eredu berriak esploratu gura ditu, gizarte berrikuntzatik ikuspegi berriak txertatuz. Zergatik? Gizarte erronkei elkarrekin aurre egin behar diegulako. Guk gura duguna da ezagutza hori landu ikuspegi teorikorik eta baita praktikotik ere. Herrigintza berritzeko praktikak egin gura ditugu.

Fokua lankidetzazko gobernantza izanik, zein ekimen dituzue martxan?

Hiru zutabe edo lan-ildo nagusi ditu laborategiak: ikerketa, esperimentazioa eta dibulgazioa. Horien baitan, hainbat proiektu aktibatu ditugu. Esaterako, ikerketaren baitan badugu Ikerketa Elkargunea deritzona, Euskal Herriko hiru Unibertsitateek –EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea– Arantzazulabek proposatuko gaien inguruan ikerketa-kooperazioa egiteko modu eta espazio berritzailea dena. Hori bere horretan da berritzailea, unibertsitateak ez baitaude horrela lan egitera ohituak. Nazioarteko posizionamendua asko landu dugu, kanpoko ezagutzarekin konektatzeko; guretzat interesgarriak diren ia 100 eragile identifikatu, 20 batekin kontaktua eginda eta ia 10 nazioarteko eragile erreferenterekin lankidetza abiatu dugu.

Esperimentazioaren eremuan ere badituzue hainbat, eta badira demokrazia deliberatiboarekin lotutakoak ere.

Hala da. Badira zentzu horretan bi proiektu aipatzekoak. Tolosan garatzen dihardugun eta Herritarren Batzarra deitu dioguna da horietako bat. Lankidetzazko gobernantza praktikan jartzen dihardugu bertan. Azken helburua da deliberazio prozesuak instituzionalizatzea eta herritarrek ere instituzioek hartzen dituzten erabakietan pisua izatea. Lan-ildo berean  txertatuta, Bergarako herrigintza laborategiarekin batera Klima Asanblada dugu martxan. Horrekin, besteak beste, herritarrak trantsizio ekologikoaren elkarrizketan inplikatu nahi ditugu, eta hori egiteko, mahai gainean erakunde publikoek dituzten dilemak eztabaidara ekarri. Bestetik, Ko-sorkuntza Ekosistema aktibatu dugu Arantzazulaben, Euskal Herriko gizarte berrikuntzako 20 eragile baino gehiago batuz, ezagutza berriak, pentsatzeko eta egiteko modu berriekin esperimentatzeko. Eragile ezberdinen arteko lankidetzan egingo diren 2 proiektu sarituko ditugu lehiaketa batean abendu hasieran.

Bukatzeko, nola uztartzen dira D2030 eta Arantzazulab?

Helburu desberdina dute biek ere. D2030ek komunitatearen aktibatzearen bitartez eskualde mailako erronkei eman gura die erantzuna, eta gurea ikerketara, esperimentaziora eta dibulgaziora bideratutako laborategia da, lankidetzazko gobernantzan fokua jarri duena. Kokapena desberdina izanik ere, elkarri laguntzen
diogu, konexio asko baititugu.
Arantzazulab D2030en Gobernu Batzordean dago eskualdeko laborategi bezala, baina ez horregatik bakarrik, baita ere sinergiak ditugulako. D2030ek ere gobernantza eredu kolaboratiboan oinarritzen du bere jarduna eta guk badugu horrako ekarpen bat egiteko.

Elkarrizketa hau aurrez Goiena.eus-en argitaratu da.