D2030en baitako 13 proiektuetako ordezkariak elkartu dira Arantzazun, konexio dinamika aukerak aztertzeko

  • 2020ko uztailean D2030 ekimenak onartutako 13 proiektutako arduradunak elkartu dira Arantzazun egin den lan-saioan
  • Mondragon Taldeko, Errez Basogintzako, Ereindajaneko, H-Enea, Ekitermik, Goienako, Arizmendi ikastolako… ordezkariak elkartu dira, besteak beste
  • Gaurko saioan, proiektuen artean sor daitezkeen elkarlan eta konexio aukerak identifikatzen hasteko lanketa abiatu dute

2021-07-08

Debagoiena 2030 ekimenak iazko irailean martxan jarri zituen 13 proiektuetako ordezkariak elkartu dira gaur Arantzazulab-en batzar zentroan, proiektuen artean sor daitezkeen elkarlan bideak aztertzeko.

Bertan izan dira Saiolaneko, Emuneko eta D2030 ekimeneko ordezkariak eta baita prototipoak garatzen diharduten enpresa eta erakundetako ordezkariak ere, hala nola: H-Enea, Ekitermik, Mondragon Unibertsitatea, Gu Haziak Gara, Ereindajan, Arizmendi Ikastola, Goiena, Debagoieneko Antzerki Plataforma, Mondragon Taldea…

13 proiektu edo prototipo horiek Portfolio deritzona osatzen dute, eskualdeko eraldaketan eragiteko logika desberdin bat. Alegia, gizarte moduan gaur gaurkoz ditugun erronkei –hala nola, larrialdi klimatikoa, inklusioa, lanaren etorkizuna, digitalizazioa…– erantzuteko proposamen bat. Hainbat prototiporen bidelaguntza garatu duen Saiolaneko Eneko Odiagarendako, “Portfolioaren begiradaren desberdintasuna enfokea bera da. D2030en sorreran dagoena da gizartearen kezkak eta beharrizanak identifikatzea eta hortik sortzea, eta nik uste, hori dela oinarrian dagoena”.

Portfolioa, erronkei erantzuteko estrategia

Portfolio estrategia honekin, hainbat arlotan eragingo duten ekintza edo esku-hartze proposamenak jarri dira martxan, elkarren arteko eragin dinamikan jardungo dutenak. Hain justu ere, elkarreraginean dauden askotariko proiektuen bitartez gizarteko erronkei erantzuteko gaitasuna handitzen dela sinisten du-eta D2030ek. Ekimeneko prozesu zuzendari Jone Espillak azaldu bezala, “eraldaketa ekintza bidez ematea bilatzen dugu eta horiek anitzak eta eragile askotarikoek bultzatuak behar dute izan. Izan ere, erronkari erpin desberdinetatik aurre egitean inpaktua handiagoa izango da”.

D2030ek 2020an martxan jarritako portfolio hori osatzen duten proiektuak izaera askotarikoak dira; lanaren etorkizunarekin, energiarekin, komunitatearen parte hartzearekin edo inklusioarekin lotutakoak.

Elkarlan bideetan, abiapuntu

Esan bezala, elkarren arteko lanketak eta konexioak bultzatzeko helburuarekin lotuta burutu da gaurko topaketa. Goiz osoko saioan, D2030eko prototipo jabeek elkar ezagutzeko aukera izan dute, bai eta elkarren arteko elkarlan bideak lantzen hastekoa ere. Guztiek ere, balioan jarri dute gaur abiatu den elkarlan dinamika, eta etorkizunean proiektuen artean sor daitezkeen loturak identifikatu dituzte, konexio horiek aberasgarri eta eraldaketaren bidean ezinbesteko izango direla iritzita.