Debagoieneko hamahiru ikastetxe, energia kontsumoan lehen baino eraginkorrago

2023-06-12

  • Ikastetxe-Klik proiektuaren bitartez Debagoieneko hamahiru ikastetxek energia eraginkortasunean urratsak egin dituzte 2022-2023 ikasturtean
  • Ikastetxeetan hainbat neurri ipini dituzte martxan ur eta energia kontsumoa murrizteko.
  • Debagoiena 2030ek eta Debagoieneko udalek –Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Oñati– sustatu dute proiektua

2022-2023 ikasturtean zehar Debagoieneko hamahiru ikastetxetan garatu den Ikastetxe-Klik proiektua iritsi da lehenengo fasearen bukaerara. Debagoiena 2030ek eta Debagoieneko hainbat udalek (Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Elgetako, Eskoriatzako eta Oñatiko Udalek) bultzatutako proiektuari esker, eskualdeko hamahiru ikastetxek urratsak egin dituzte energia eraginkortasunari lotuta.

Proiektuaren helburua zen ikasturte honetan zehar ikastetxeetako eraikin bakoitzaren ur eta  energia kontsumoak murriztea. Lanketa hori gidatzeko EkoON enpresaren laguntza izan dute eta bakoitzean irakaslez, ikaslez, ikastetxeko langilez eta kasuan kasu udal ordezkariz osatutako batzordeak eratu dira prozesua diseinatu eta hartutako neurrien jarraipena egiteko.

Kontsumoa murrizteko neurri desberdinak

Batzordeak hilabeteroko maiztasunarekin batu dira eta EkoOnekin batera hainbat neurri proposatu dituzte energia kontsumoa aurrezteko; hala nola, ur-iturrien isurketak kontrolatzeko bridak jartzea, beharrezkoak ez diren argiak kentzea, kontsumo gutxiko argiak jartzea edo kontsumo mamuak identifikatzea –itoginak dauden, behar ez diren galdarak urez ez betetzea, asteburu eta oporretan berogailua itzaltzea…–.

Horretaz gain, zenbait ikastetxek hainbat neurri garatu dituzte, proiektuaren motibazioan eta emaitzetan eragin dutenak; hala nola, proiektuaren logoa diseinatzea, energia nola aurreztu azaltzen duen gida sortzea edo “patruila berdearen” edo “ekoliderraren” figura, zeintzuk energia eraginkortasunera bideratutako neurriak betetzen direla ziurtatzeko ardura izan duten.

Gainera, EkoOn-eko kideen eskutik, ikasleek zein irakasleek formazio laburrak hartu dituzte, esaterako, argi kontsumoen ingurukoa –argi-mahai batekin argi desberdinek zein kontsumo duten azaltzen duena–. Halaber, luxometro baten bidez ikasleek zein irakasleek geletako argia neurtzen eta legeak gutxieneko zein argi potentzia ezartzen duen ikasi dute, eta azkenik, eguzki sukaldearekin jolas ere egin dute, eguzkiaren energiaz hirugihar bokata eginaz, besteak beste.

Ikastetxe-Klik Debagoienean trantsizio energetikoa sustatzeko D2030 ekimenak bultzatutako Eraginez Piztu esku-hartze proposamenaren baitako proiektua da.

Proiektuan parte hartu duten ikastetxeak

Aretxabaletan: Kurtzebarri Eskola eta Kurtzebarri BHI

Arrasaten: Arrasate Herri Eskola eta Arrasate Institutua

Arrasate eta Eskoriatza: Arizmendi (Almen eta Gazteluondo)

Bergaran: Mariaren Lagundia, San Martin Herri Eskola eta Aranzadi Ikastola

Elgetan: Elgetako Herri Eskola

Eskoriatza: Luis Ezeiza Herri Eskola

Oñati: Oñatiko Institutua eta Elkar-Hezi ikastetxea