DAP eta HIREKIN proiektuak aurrera bidean

2022-02-03

2020an abian jarritako portfolioan identifikatutako hainbat proiektuk urrats garrantzitsuak eman dituzte. Horien adibide dira HIREKIN eta DAP; azken asteotan eman dute aurrerapenen berri.

Debagoieneko Antzerki Plataforma bailarako antzerki eragileen artean eratutako sare bat da. Elkartea 2017an sortu zuten, baina kideek azaldu dutenez 2021ean ekin zioten “indarrez” bide berri bati: “D2030 egitasmoaren baitan, urtebetez DAP proiektu kulturala garatzeko eta martxan jartzeko aukera izan dugu. Honi esker DAPek eskala aldaketa bat izan du eta bailara mailako proiektu bat diseinatu dugu”.

2021ean ekin zioten jardunari, eta, 2022ko urtarrilaren 25ean ikasturte berrirako asmoak aurkeztu zituzten plataformako kideek. Horrez gain, hilaren 29an aurkeztu zuten egitasmoa herriz herri. Haien helburua da Debagoieneko egungo “kultura sustatzea” eta etorkizunekoari indarra eta duintasuna ematea: “Izan ere, antzerkigintza, eta kultura orokorrean, gizartearen eraldaketarako giltza bezala ulertzen dugu”.

Formakuntza eskaintzen jarraitu gura du DAPek aurten ere, eta antzerki inprobisatu ikastaroak eta clown saioak ere eskainiko ditu. Era berean, topaketak antolatzeko asmoa du hainbat eragilerekin, DAP Bidelagun ekimena abian jarriz; eta ikasturte bukaeran, Debagoieneko Antzerki Jaialdia dute jomugan.

Bestalde, HIREKIN proiektua ere hasi da aurrerapausoak ematen. Urbanizazio lanak hasiko dituzte Gautxori eremuan, eta hor kokatuko den 26.221 metro karratuko eraikin berrian egongo da HIREKIN. “Lankidetzaren, ikerketaren eta ekintzailetzaren bitartez emisioak murriztera eta ingurumen helburuak betetzeko irtenbideak bilatzera bideratuko da”, proiektuaren koordinatzaile Roberto Uribeetxeberriak azaldu duenez. Mondragon Unibertsitateak sustatutako proiektua da, eta D2030 egitasmoak lagundutakoa.

Esparru berria ekintzailetasuna bultzatzeko erabiliko dute; gehienbat, alor praktikoa lantzeko. Beheko solairuan laborategi industrialak egongo dira, altuera handikoak, tamaina handiko gauzak probatzeko. Horrez gain, lokal sozial bat ere egongo da. Lehenengo solairuan beste laborategi berezi bat egongo da, gainazaleko teknologiekin lan egitekoa. Azkenik, bigarren eta hirugarren solairuan, batez ere, proiektu ekintzaileetan ari direnei zuzendutako espazioak egongo dira.